Jesus Owono atezain donostiarra, Ekuatore Gineako selekzioko protagonista
Urtarrilaren 9an abiatu zen Afrikako Kopa, guztira 24 selekziok hartu dute parte eta final-zortzirenak jokatu dira aste honetan. Atzo, Ekuatore Gineak Mali kanporatu zuen, emaitza “historikoa” lortuz. Partidako protagonista izan zen Jesus Owono donostiarra. Owono zortzi urte zituenean etorri zen Euskal Herrira, eta Antiguokon zein Realean aritu da atezain moduan. Urte hasierarekin batera, Alavesen lehen taldearekin egin du debuta –Realaren kontra, zehazki–.
Azken astetan bere jaioterriko selekzioarekin jokatzeko aukera izan du, eta zeresana eman du atzoko Maliren aurkako partidan gelditutako penaltiengatik. Partida guztian zehar bi taldeek ez zuten golik sartzeko aukerarik izan, penaltietan, ordea, Owonok Massadio Haïdara eta Falaye Sackoren bi jaurtiketak maisuki gelditu zituen, Ekuatore Ginearen garaipena lortuz. Aurretik jokatutako partidetan ere, atezainaren lana goraipatu dute. Igandean, hilaren 30ean, Senegalen aurka jokatuko dute final-laurdena.