Kontxako hondartzaren azpiko zulaketak laster berrabiaraziko dituzte
Metroaren igarobidean tunel berri bat egingo dute merkantzien garraiorako. Amara inguruan egingo dute tunela, eta 600 bat metroko luzera izango du.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi duenez, metroaren lanak berrartu dituzte Kontxako hondartzaren azpian. Gabonetako oporraldia bukatuta, Mirakontxa-Easo zatiko egonkortze lanei berrekin zieten. Oraindik ez dituzte zulaketak berrabiarazi, baina hori posible izateko prestaketetan dabiltza. Horiek bukatzean hasiko dituzte zulaketak. Zehazki, 80 metro gehiago zulatu behar dituzte hondartzaren azpian, 40 metroko sakoneran. Espainiako Gobernuko Kostaldeetako zuzendaritzak azaroan eman zuen obra berrabiarazteko.
2020ko ekainetik lanak geldirik egon ziren, Zubieta kalean zulo bat agertu zenetik, metroaren lanen ondorioz: 8. zenbakiko sotoan zulo bat azaldu zen –20 metro kubiko ingurukoa–, eta Kontxako tunelaren zulaketa lanak gelditu behar izan zituzten. Horrela, Euskal Trenbide Sareak (ETS) lanen kontratua bertan behera utzi zuen 2020ko irailaren 25ean.
Bi hilabete beranduago, azaroaren 17an, bigarren zuloa azaleratu zen –30 metro kubiko ingurukoa–, Zubieta kalean eta Londres hoteletik gertu. Gertatutakoa aztertu ondoren, ETSko arduradunek baieztatu zuten zuloa metroaren igarobidearen lanek eragin zutela, eta zehazki, hilabete batzuk lehenago kale berean izandako lur jausiarekin lotura zuela. Hirugarren zulo bat ere izan zen, maiatzaren 7an, Kontxako hondartzako aldagelen forjatuaren azpian –138 metro kubikokoa–.
Lanak gelditu zituztenetik, beraz, bi zulo gehiago agertu dira gutxienez, eta langileak zorupea porlanarekin indartzen aritu dira. Bestalde, lanak berrartzeko kontratua 57,8 milioi eurotan adjudikatu zuten. Ordea, aurreko kontratuaren baitan 35,3 milioi euro gastatu zituzten lanak eten aurretik, beraz, momentuz, 93,1 milioi eurokoa izango da lanen kostua. Hasiera batean, 53,2 milioi eurotan adjudikatu zituzten.
Merkantzientzako tunel berria
Metroaren igarobidean tunel berri bat egingo dute merkantzien garraiorako, Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu duenez. Amara inguruan egingo dute tunela, 600 bat metroko luzera izango du eta proiektuaren kostua 14,5 milioi eurokoa izatea aurreikusi dute. Azpiegitura honen helburua da merkantzien garraioa ez pasatzea Donostia barrutik. Lugaritzeko tuneletik Errondora bitartekoa izango da, eta merkantzien trenak Errondotik Irunera bideratuko dituzte. Joan-etorria tunel beretik egingo dute.