SOS Arrazakeria elkarteak etxerik gabekoentzat baliabide gehiago jartzeko eskatu du
Ondarretako La Sirena aterpetxearen gaueko zerbitzua irekita mantentzeko eskatu du Donostiako Hiritarron Harrera Sareak. Eskaera horren harira SOS Arrazakeriak elkarteak, ohar bat zabaldu du etxerik gabeko pertsonentzako baliabide gehiago jarri behar direla adieraziz.
Eneko Goia alkateak adierazi zuenez, “Donostiak legeak ezartzen duena betetzen du“. Horrez gain, Donostia Gipuzkoako udalerrien artean legeak ezartzen dituen zenbakiak betetzen dituen bakarra dela nabarmendu zuen. Elkartearen hitzetan legeak minimo bat ezartzen du, eta errealitatean minimo hori gutxiegi bada baliabide gehiago jarri behar dira. “Pertsonen inguruan hitz egiten ari gara”, gogorarazi du. Aldundiak sustatzen dituen planen artean, hainbat arlotan legeak esaten duena baina haratago joaten direla azaldu du elkarteak: “Zergatik ez dute gauza bera egiten kasu honetan?”.
Horrez gain, alkateak “gainerako udalerri batzuek ere baliabideak jartzeko aukera daukatela”, nabarmendu zuen. “Alkatearen proposamena etxerik gabeko pertsonak Gipuzkoak udalerrien artean ‘banatzea’ da, objektuez ariko balitz bezala”. Gainerako udalerriei ere neurriak har ditzaten eskatzea ondo ikusten du SOS Arrazakeriak, baina “aitzaki” gisa ez erabiltzeko eskatu du.
Hori dela eta, “guztiz logikotzat” jotzen du La Sirena aterpetxea irekitzeko eskaera egitea. Udalak duen baliabidea dela, eta erabili beharko lukeela arrazoitu du. Finean, Eusko Jaurlaritzak zein udalak dituen etxerik gabeko pertsonentzako planak “eskasak” direla salatu du.