Arte Ederren eraikineko barrualdeko lanak, agerian
Arte Ederren eraikineko lanak aurrera doaz, nahiz eta kanpotik zaila den jakitea zein egoeratan dauden. Herritar batek hedabide honi helarazi dion argazkiari esker, ordea, eraikina barrualdetik nola dagoen ikus daiteke; garai bateko zinema areto elegantetik urrun dago une honetan eraikina.
Udalak iazko irailean eman zion SADE enpresari, eraikinaren jabeari, Arte Ederren eraikina birgaitzeko eta han hotel bat egiteko baimena. SADEk urte asko zeramatzan baimen hori eskuratu nahian, baina askotariko liskarrak izan dira azken hamarkadotan gaiaren inguruan. Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak gogor kritikatu du operazioa hasieratik, baita mobilizazioak eta dokumental bat egin ere.
SADEkoak urrian hasi ziren eraikinaren barrualdea husteko lanekin, baina Ancoraren salaketa bat tarteko, lanak geldiarazi zituen epaitegi batek urriaren 11n. Ordea, azaroan berrabiarazi ahal izan zituzten lanak, eta horretan dihardute.