EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu COVID ziurtagiria luzatzea
COVID ziurtagiria ez da gehiago eskatuko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi baitu Eusko Jaurlaritzaren eskaera. Ziurtagiria beste bi astez luzatu eta eremu gehiagotara zabaldu nahi zuen Jaurlaritzak.
Joan den ostiralean Jaurlaritzak baimena eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzeko, eta orain arteko establezimenduetan ez ezik, hoteletara, turismo ostatuetara eta joko aretoetara ere zabaltzeko.
Jaurlaritzak ez du “behar bezala justifikatu” neurriak duen eraginkortasuna; zehazki, dio gobernuak ez duela aski ongi azaldu ziurtagiriak “kutsatzeak murrizteko” duen eraginkortasuna, BERRIAk jaso duenez. Luis Garrido epailea buru den auzitegiaren aretoak kaleratu du autoa astearte eguerdian.