Herrerako Sukalde proiektua berritasunekin dator
Herrerako Sukalde proiektu komunitariokoek auzoarentzat lan egiten jarraitzeko gogoz dabiltza, eta berritasunak iragarri dituzte. Alde batetik, iragarri dute Herrerako Aterpea zaharren egoitzarekin jarduerak egiten ari direla, eta, hain zuzen ere, astelehenetik ostiralera Aterpean eguneko platera eskaintzen hasi dira; Aterpeako bazkideek zein Sukaldeko bazkideek jan dezakete eguneko plater hori. Bestetik, azaroan beste sukaldari bat sartu zen lantaldean, eta, horrela, gaur egun bi sukaldari ari dira proiektuan lan egiten,.
Horrez gain, proiektuaren egoeraren berri eman dute. Gaur egun, 159 bazkide ditu proiektuak, eta horietatik, 46 ari dira modu aktiboan parte hartzen. Bestalde, lantaldea bost kidek osatzen dute: aipatu sukaldariez gain, beste kide bat banaketan eta komunikazioan dabil, eta beste bi ahal den guztian laguntzen. Era berean, gogorarazi dute ElkarEkin sarietan izena eman zutela, baina proiektuak ez zituen saria irabazteko behar adina boto lortu; Nagusilan 25 proiektuak irabazi zuen.
Zer da Sukalde?
Proiektuak sukaldari talde bat dauka, eta egunero menu desberdin bat kozinatzen dute, izena eman duten herritarrek jaso dezaten. Funtzionamendua sinplea da: izena eman duten herritar kopuruaren eta hautatu duten menuaren arabera, sukaldariek janaria prestatzen dute auzoko elkarte gastronomikoetan, eta auzotarrak euren janariaren bila joaten dira. Hurrengo egunean, herritarrek ontzi hutsak itzultzen dituzte, eta beteak eramaten dituzte eguneko janariarekin. Hedabide honek proiektuaren nondik norakoak izan zituen hizpide iazko urrian argitaratutako erreportaje batean.