Arantzazuko Ama inguruko segurtasuna hobetzeko bilduko dira udala eta guraso elkartea
Urtarrilaren 24an auto batek talka egin zuen Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako hesiaren aurka. Ezbeharrak ez zuen kalte pertsonalik eragin, baina auzotarrengan kezka areagotu zuen. Batez ere, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoengan. Hori dela eta, ikastolako guraso elkarteak haurren segurtasuna bermatzeko eskatu zion Donostiako Udalari. Gertaturikoa aztertu eta eskaerez hitz egiteko bilera bat adostu dute udalak, guraso elkarteak eta ikastolak. Etzi izango da, 12:00etan.
Eneko Goia alkateak eman du bileraren berri, eta haurren segurtasuna hobetzeko neurriez ariko direla nabarmendu du. Dena dela, Goiak adierazi du Urumea ibaia zabaltzeko lanak diseinatu zirenean, zirkulazioa Tranbia kaletik bideratzea aurreikusten zela, eta ez ikastolaren ondotik. Ordea, adostasun faltagatik eta Tranbia kaleko bizilagunen kontrako jarrerarengatik, zirkulazioa Martutene pasealekutik egitea erabaki zen.