Finalerdiaren bila
Partida garrantzitsua jokatuko du gaur Realak Anoetan (20:00etan), kopako final laurdenetako neurketa jokatuko baitu Betisen aurka. Final zortzirenetan Atletico Madril argi garaitu ostean, Imanol Alguacilen taldeak Betis garaitu beharko du, finalerdietarako txartela eskuratzeko. Jakina denez, partida bakarrera jokatuko da kanporaketa.
Ez da neurketa erraza izango, ordea, forma onean baitabil talde andaluziarra. Hirugarren sailkatuak dira ligan, eta maila handia erakusten ari dira zelaian. Gainera, azken bost neurketetatik, lau irabazi egin dituzte, eta bestea berdindu.
Realari dagokionez, emaitzen aldetik ez dabil gaizki —azken bost partidetatik, hiru irabazi egin ditu eta bi berdindu—, eta denboraldi hasierako joko ona berreskuratzen ari da. Hala ere, golak egitea kostatzen zaio oraindik. Bestalde, Alguacilen taldea Betisen aurkako kopako bolada txarra haustera joango da, andaluziarren eta donostiarren artean kopako sei kanporaketa izan baitira, eta bost irabazi dituzte andaluziarrek. Txuri-urdinek, ordea, euren zaleen babesa izango dute, beraz, abantailarekin aterako dira zelaira.
Rayo Vallecano eta Valentzia finalerdietan daude dagoeneko, beste bi aurkarien zain. Realaren partidaz gain, Athelticek ere gaur jokatuko du, Real Madrilen aurka.