"Lorik egin ezin nuen egun batean izan nuen Gaur taldea sortzeko ideia"
Jose Antonio Sistiagak artistak (Donostia, 1932) bere ibilbide luzearen atzera begirako 'De rerum natura' erakusketa inauguratu du Kursaalean. Aitzakia horrekin, Ziburuko (Lapurdi) bere etxeko atea ireki dio hedabide honi.
XX. mendeko euskal artea eta euskal kultura ezin da ulertu Sistiaga gabe, besteak beste, abstrakzio informalaren figura garrantzitsuenetako bat delako. Era berean, historiako lehenengo film luze margotua egin zuen (Ere erera baleibu icik subua aruaren), eta Gaur taldearen sortzailea izan zen; bizirik jarraitzen duen taldekide bakarra da.
Luze eta zabal hitz egin du IRUTXULOKO HITZArekin, eta erakusketari buruzko azalpenak emateaz gain, bere ibilbidea errepasatu du, baita bere bizitzako beste hainbat alorrez hitz egin ere. Elkarrizketa osoa ostiralean irakurri ahal izango da, webgune honetan eta paperezko astekarian. Bitartean, hemen duzue elkarrizketaren aurrerapen bat, non Sistiagak Gaur taldeari eta Adierazpen Askeko Lantegiari buruz hitz egiten duen:
1960ko hamarkadaren hasieran, geldialdi artistiko bat egin zenuen. Zein izan zen gelditzeko arrazoia?
Ez daukat ideiarik ere. Ez neukalako margotzeko nahikoa espazio? Baliteke horregatik izatea.
Garai hartan sortu zenuen Gaur taldea. Nondik atera zen ideia?
Lorik egin ezin nuen egun batean izan nuen ideia. Goizeko laurak aldera, pentsatzen ari nintzela, esan nuen: ‘Zergatik ez dugu egiten beste erakusketa bat, Erakarpen eta Turismo Zentroak antolatutakoaren aldi berean?’. Hain justu, garai hartan zentroak erakusketa bat zeukan antolatuta, ez dut gogoratzen zein aretotan, non mundu guztiak jarri zitzakeen ikusgai bere lanak. Ez nengoen sistema horrekin ados, eta horregatik izan nuen ideia hori. Erakusketa horretan ez zeuden margolarien lanen erakusketa paralelo bat egin nahi nuen, han erakusketan koadroak ikusgai jartzea errazegia zelako.
Hurrengo goizean, esnatu eta Amableri [Arias] deitu nion. Esan nion zerbait neukala berari esateko, eta kafe bat hartzeko gelditu ginen. Asko interesatu zitzaion ideia. Ordea, Erakarpen eta Turismo Zentroaren erakusketa horrek onenentzako sariak zituen eskudirutan, eta Balerdi [Rafael Ruiz] aurkeztuta zegoen ordurako, aurreko urtean Zumeta [Jose Luis] aurkeztu zen moduan. Oteizarekin [Jorge] hitz egin genuen Amablek eta biok, ados agertu zen, eta gauza bera egin zuten Basterretxeak [Nestor], ondoan bizi zenak, eta Mendiburuk [Remigio], Hondarribian bizi zenak. Paseo horretatik, Txillidarengana [Eduardo] jo genuen, eta berak ere esan zigun ados zegoela, baina Balerdik ere egon behar zuela. Balerdi beste erakusketan zegoenez, ordea, ezin genuen gure erakusketa aldi berean antolatu, nik behintzat horrela ikusten nuen. Hala ere, Txillidaren baldintza onartu genuen, eta, beraz, ez genuen gure erakusketa bestearen paraleloan antolatu. Ondoren antolatu genuen, Viktoria Eugeniatik gertu zegoen galeria batean. Bide batez, Oteizak eman zion izena Gaur taldeari; Madrilera bidaia bat egin zuen, eta izen horrekin itzuli zen.
Zer ekarpen egin zion Gaur taldeak euskal kulturari?
Gainontzekoei galdetu beharko diegu.
Ez zenuen denbora galdu garai horretan, Adierazpen Askeko Lantegia ere antolatu baitzenuen.
Freineten pedagogia aktiboaren erakusketa bat antolatzea bururatu zitzaidan. Horretarako, Adierazpen Askeko Lantegia antolatu nuen. Tailer bat nuen soto batean, eta haurrak hara etortzen ziren nahi zutena margotzera, 4 urte eta erdi eta 14 urte artekoak. Horrelako jarduerak Parisen ikusita nituen, bizi nintzen etxetik gertu.
Irakasleak tailerrera etortzen zirenean, harrituta gelditzen ziren, erabateko isiltasuna zegoelako han. Noski isiltasuna zegoela, bakoitza berean kontzentratuta zegoelako. Gainera, ez zuten koadro bat ordu erdian margotzen, astean behin etortzen ziren, eta etortzen zirenean bi ordu pasatzen zituzten margotzen. Esaterako, 4 urte eta erdiko neskato bat etortzen zen, 6 urte inguruko bere anaiarekin, eta neskato horrek hilabete pasa zuen koadro bat egiten, izugarri kontzentratzen zen. Haurrek sentitzen zuten egiten ari zirenaren ardura zutela, eta horretan kontzentratzen ziren; hortik zetorren isiltasun hori. Haur bakoitzak nahi zuena egiten zuen; beraiek aukeratzen zuten gaia, nirekin komentatzen zuten eta horrela elkar ulertzen genuen. Nik ez nien inoiz esaten zer egin behar zuten eta zer ez, beraiek konturatu behar ziren, beraien kabuz. Hiru urte inguru iraun zituen horrek, eta oso esperientzia interesgarria izan zen. Lantegi horretako haurren lanekin antolatu nuen Freineten pedagogia aktiboaren erakusketa, Kursaalean.
Bitxikeria gisa, ikasturte batean Jesuitekin egin nuen lantegia, eta ikasturtearen amaieran, zuzendariak eskatu zidan haurrei notak jartzeko. Nik esan nion ezetz, haurrek beraiek jarriko ziotela nota euren buruari. Zuzendariak esan zidan, ‘denek hamar bat jarriko dute orduan!’. ‘Ikusiko dugu’, esan nion, eta hain justu, haurrek ez zioten hamarrik jarri euren buruari, askoz nota baxuagoak jarri zituzten. Lantegi horrek ez zuen zerikusirik irakaskuntza klasikoarekin, eta horrela dena askoz errazagoa zen; arazoren bat zutenean, nirekin hitz egiten zuten, lasaitasunez.