"Nire kapitaina Mikel Goñi izatea da nire ilusioa"
ETB2 kateko El conquistador del fin mundo saioa gustuko duzu? Urtero castingetara aurkezten den horietako bat zara? ‘Artzain’ izateko oposizioak prestatzea pentsatu duzu? Orduan, zeure burua islatuta ikusiko duzu Atzean Zuloaren azken bideoan: Konkistatzailea.
Topikoetatik abiatuta, bere helburu bakarra El conquistador del fin del mundo saioan sartzea den pertsona mota irudikatu dute, eta urtero asko prestatzen bada ere, inoiz hartzen ez dutena. Bitartean, bizitza errealean, bere gurasoen etxean bizi da, eta suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari da, baina ez baditu gainditzen, “beste zerbait” probatuko duela dio. Gainera, bere helburu nagusia ez da aipatu saioan bizirautea, hortik abiatuta, telebistaren munduan ibilbide bat egitea baizik. Era berean, argi dauka nor nahi duen kapitain gisa bere taldean: Mikel Goñi.
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldi honen berezitasun gisa, denboraldi berria osatuko duten hamar bideoetatik bat ikusleen esku utzi dute. Hau da sareetan bota zuten galdera: “Zein pertsona mota irudikatu beharko genuke datorren denboraldi honetan?”. Proposamen guztien artean, Mikel Marrazki erabiltzaileak irabazi du, “parrandan beti besteek liatzen dutelako atertzen dena, baina beti azkena erretiratzen dena”.
Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten. Joan den astean abiatu zuten denboraldia, Kriptoanaia bideoarekin.