Udalak neurriak hartu ditu Parte Zaharreko zamalanak kontrolatzeko
Aurreko udan egindako ikerketa baten emaitzak aztertuta, Donostiako Udalak hainbat neurri jarriko ditu abian Parte Zaharreko zamalanen sarbidea hobetzeko. “Eremu horretako erabiltzaileen arteko bizikidetzari lagunduko dioten hainbat jarduera egingo dira. Gune honek araudi espezifikoa du gainera, oinezkoentzako ingurune berezia baita”, azaldu du Mugikortasuneko zinegotzi Pilar Aranak.
Lehenik, Parte Zaharreko sarreretan dauden seinaleak ordezkatuko dituzte, hara sartzen diren ibilgailuentzat argiagoak izan daitezen. Seinale horiek datozen egunetan jarriko dira, eta zamalanetarako erreserbatutako guneetara iristeko edo bertatik irteteko ibilbideak ere erakutsiko dituzte.
Bigarrenik, baimenik gabeko ibilgailuen sarrerak eta zamalanetarako eremuen erabilera desegokiak kontrolatuko dituzte. Horretarako, seinale berriak jartzen direnean, behar bezala zaindu ahal izango da zamalana adierazitako eta baimendutako lekuetan bakarrik egiten dela, lan horiek ez dituztela ibilgailu turismoek egiten eta ezarritako ibilbideak errespetatzen direla. Kontrol horiek 07:00etatik 11:30era egingo dira (zamalanetarako ordutegia), eta hasiera batean pedagogikoak izango dira, baina aurrerago zehatuko dira araudia betetzen ez dutenak.
Hirugarreni neurria zirkulazio ordenantza aldatzean jarriko dute. Aldatzean, oinezkoentzako gunera sartu behar duten ibilgailu guztiek aldez aurretiko baimena eskatu beharko dute nahitaez.
Zamalanen azterketa
Mugikortasuneko zuzendaritzak 2021eko abuztuaren 5etik 11ra zamalanetarako ordutegian egin zuen azterlanetik ateratako ondorioetan oinarrituta ezarriko dira neurri horiek. Azterlanaren helburua honakoa zen: Parte Zaharreko oinezkoentzako espazio publikoaren erabiltzaileen artean lanegunetan zamalanetarako ibilgailuentzat gordetako ordutegian sortzen diren egoerak egiaztatzea.
Argi dago eremu horretara zenbat eta ibilgailu gehiago sartu, orduan eta eragin handiagoa izango duela kolektibo zaurgarriengan, bereziki ordutegi horretan ikastetxera sartzen diren adin txikiko ikasleengan, auzoan bizi diren adinekoen ehuneko handia ahaztu gabe. Bestalde, baimenik gabe sartzen, ibiltzen eta zamalanetarako espazioa okupatzen duten ibilgailuek ez dute lekurik uzten benetan zamalanak egiten dituztenentzat, eta, gainera, oinezkoentzako eremu horretako trafiko fluxua areagotzen dute.
Hartu diren neurrien helburua da baimenik gabe sartzen diren ibilgailuek horrelakorik ez egitea; izan ere, banaketarako ibilgailuak bakarrik sartuko balira, Konstituzio plazan eta Bulebarrean zamalanetarako plazen eskaintza nahikoa izango litzateke dagoen eskaerari zerbitzua emateko, eta etorkizunean San Juan kaleko erreserba kendu ahal izango litzateke. Era berean, beharrezkotzat jo da behin eta berriro sartzen diren ibilgailuen sarrerak mugatzea benetako beharra frogatzen duten ibilgailuei bakarrik, egunero behin baino gehiagotan sartzen diren ibilgailuak hori egin dezaten saihesteko.