'Vampire Academy' telesaileko ekoiztetxeak 400.000 euro inbertitu ditu hirian
Universal ekoiztetxearen Vampire Academy telesail estatubatuarraren hainbat eszena filmatu dituzte Donostian. Richelle Mead idazleak nerabeentzat idatzitako sagaren telebistarako egokitzapena da. Filmaketa urtarrilaren 24tik otsailaren 1era bitartean egin zen, eta Donostia-Gipuzkoa Film Commissionen laguntza izan du. Zehazki, Miramar Jauregiaren barrualdea eta lorategiak erabili dituzte, baita Maria Cristina hotela ere.
Marisol Garmendia Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, “ekoiztetxeak 400.000 euro inguru inbertitu ditu egun hauetan hirian, eta etorkizunean grabatzera itzul daitezkeela esan dute. Esan beharra dago filmaketa egiteko teknikariak, enpresak eta bertako langileak kontratatu dituztela, horrek ematen duen onurarekin. Mundu osoan mila milioi ikusle inguru dituela kontuan hartuta, Donostiaren irudiaren eragina oso garrantzitsua da”.
Telesaila esklusiban ikusi ahal izango da Peacocken, NBC Universalek Estatu Batuetan duen streaming zerbitzuan.