Alubi elkarteak Sorleku parkearen proiektuaren txostena aurkeztu du udalean
Alubi elkarteak Intxaurrondoko Sorleku parkeko proiektuaren bukaerako txostena aurkeztu dio Donostiako Udalari, parte hartze prozesu luze baten ondoren. Era berean, prozesuaren laburpen bideoa kaleratu dute, non Alubi elkarteak Zurriola Ikastolako haurrekin zein Intxaurrondoko auzokideekin egindako lana azaltzen duen.
Sorleku parkea Marrutxipiko Dbusen garajearen azpian dagoen lursailean egingo dute, gaur egun ez baitu gozatzeko eta egoteko erabilera publikorik. Alubi elkarteak pandemiaren aurretik abiatu zuen eremu horretan auzokideentzako proiektu bat garatzeko prozesua, eta pandemiarekin geldirik egon bazen ere, udalak, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bitartez, gaia berrartu zuen iazko urrian, baita 400.000 euroko partida bat gorde ere. Orain, proiektua udalaren mahai gainean dago, gauzatua izan dadin. Hedabide honek proiektuko kide Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola elkarrizketatu zituen 2018an.