Baratzea bizitza eredu osasungarria sustatzeko
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak baratze tailerra antolatu du Xomorro Taldearekin eta Cristina Enea Fundazioarekin batera. Landareei, sasoiko elikagaiei eta horien laborantzari buruzko jakintza landuz, bizitza eredu osasungarriago bat sustatu nahi du elkarteak. Biztanleria osoarengana zuzenduta dago eta otsailaren 8an hasiko dute.

Urte osoan zehar, hainbat gai jorratzeko tailer eta jarduera antolatzen ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak. Elkarteko prebentzio arloko arduradun Maider Sierraren hitzetan, haien helburua bizitza eredu osasuntsuak sustatzea da. Izan ere, “gaixotasun asko, horien artean minbizia, gure bizi ohiturekin lotuta daude. Jendeak teorian badaki bizitza aktiboa eta elikadura osasuntsua izatea garrantzitsua dela, baina datuak diote hori aurrera eramatea asko kostatzen dela”. Hori dela eta, elkarteak tailer praktikoak antolatzen ditu zailtasunei aurre egiteko eta horien inguruan hausnartzeko.
Helburu horrekin bat egiten dute azken urtean antolatu dituzten jarduerek. Besteak beste, martxoan, On egin proiektua jarri zuten martxan elikadura eta sukaldaritza lantzeko, eta pasa den urtetik Donostian ibilaldi osasungarriak antolatzen dituzte. “Gure jardueretan hutsune bat zegoela ikusten genuen, eta falta zitzaigun hanka baratzea zela konturatu ginen. Guk badakigu edozeinek ez duela baratza bat jartzeko lursail bat. Orduan, pentsatu genuen: Nola ekarri dezakegu baratza gurera?”. Norberaren etxera baratzea gerturatzeko tailerra antolatu dute horretarako.
«Elikadura osasungarria landatzetik hasten da, baita produktua ezagutzetik eta garaiak errespetatzetik ere». Arduradunaren iritziz, gaur egun fruta dendetan nahi adina produktu topa ditzakegu, baina ez dakigu garaikoak diren, hemengoak diren edo benetan guretzako onak diren. Horrek zailtasunak sortzen ditu bizitza aktibo eta osasuntsu bat eraikitzeko bidean, eta hori landu nahi dute datozen hilabeteetan.
Tailerrak arlo praktiko zein teorikoak izango ditu. Otsailaren 8an egingo da lehen saioa, elkarteak Loiolako Erriberan duen egoitzan, eta bertan tailerraren testuingurua azalduko dute. “Gu minbiziaren aurkako elkarte bat gara, eta gure proiektuei gure zentzua ematen diegu bizi ohitura eta osasunaren arduratik”, dio Sierrak. Proiektua nondik datorren eta zein helburu dituen azaltzea garrantzitsua da elkartearentzat, hainbat elkartek egin baitezakete halako formakuntza bat, baina bizitza aktiboari eta elikadura osasuntsu bati begiratu nahi diote haiek.
Baratzea etxera
Arduradunak argi du baratzea etxera ekartzeko modu anitz daudela: “loreontziak jarri daitezke sukaldean, balkoian edo bestelako txokoetan”. “Etxean landare gutxi batzuk izaten, produktua hobeto ezagutuko dugu eta haziak zainduz elikadura osasuntsuarekin dugun harremana areagotuko da”. Hala, kontsumitzeko moduan ere eragingo duela dio Sierrak.
“Sukaldearekin eta baratzearekin harremana duzunean bizitzarekin duzun harremanean eragiten dizu. Esaterako, guk ikusi dugu dolu prozesu batetik igarotzen ari diren pertsonei baratzearekin, landareekin eta animaliekin loturak onurak ekartzen dizkietela. Bizitzarekin lotzen eta horri eusten laguntzen dute, osasun mentalerako onuragarriak baitira”. Tailerra talde txikian egingo da, eta horrek ere baditu bere onurak. Harremanak sortzeko eta talde izaera sortzeko espazio izatea nahi dute.
Tailerrak bi hilabeteko iraupena izango du eta amaieran, balorazio fase bat egingo dute, parte hartzaileen bizi ohituretan eragina izan duen ikusteko.
Auzoan parte hartzen ari dira
Duela bi urte elkartea Loiolako Erriberako lokalera lekualdatu zen, eta auzoaren parte izan nahi izan dute geroztik. Auzoko elkarte eta bizilagunekin harremanak sortzen saiatzen dira: “Auzoko bizitzaren parte izatea ezinbestekoa da guretzat, oso interesgarria da harremanak sortzea”. Hori dela eta, Cristina Enea Fundazioarekin harremanetan jarri ziren, proiektuen artean puntu komunak dituztela ikusi zutelako. Haien proposamena izan zen baratze tailerra aurrera eramatea eta Xomorro Taldearekin jarri zituzten harremanetan. “Finean, elkar harremanetik sortu da proiektu hau”.
Xomorro Taldea, balio ezberdinen inguruko hezkuntza zerbitzuak eskaintzen dituen taldea da. Gehienbat zirkua eta hezkuntza agroekologikoaren inguruko saio eta formakuntzak eskaintzen dituzte. Xomorro Taldeak baratzea, natura eta hezkuntza uztartzeko ahaleginetan zenbait proiektu ditu martxan: Donostiako Eskola Baratze Sarearen dinamizazioa, zenbait zentrotako baratzeen diseinua, irakasleei baratzeen inguruko aholkularitza tekniko eta pedagogikoa, Uliako Lore Baratzeak elkartearekin elkarlana, baratzegintzaren inguruko ikastaroak, eta abar.
Mikel Agirre, Xomorro Taldeko kideetako bat da; bera izango da tailer praktiko hauen dinamizatzailea elkarteko kideekin batera. Baratzean aritzeak helburu eta onura ugari ditu taldearentzat. Besteak beste, elikagaiak ekoizteko, sendabelarrak eta infusioetarako belarrak ekoizteko, nekazaritza kultura balioan jartzeko, ariketa fisikoa egiteko, naturaren zikloak eta inguruan daukagun bioaniztasuna ezagutzeko, pertsonen arteko elkarlana sustatzeko eta norberak dituen ezagutzak partekatzeko balio du. Orokorrean, baratzeko oinarrizko lanak ikasiko dituzte saio hauetan. Hazien jatorriaz, landareen garai eta beharrez eta sendabelarrez arituko dira.
Otsailaren 8an abiatuko da ikastaroa, eta lehen aurkezpen saioa elkartearen egoitzan izango den arren, gainerako saio praktikoak Intxaurrondoko Kultur Etxeko baratzean izango dira. Aurkezpena 11:00etan izango da, eta gainerako saioak asteartero egingo dira 11:00etatik 12:30era. Hamar pertsonentzako lekua dago, eta izen ematea 943-45 77 22 telefonora deituz, gipuzkoa@contraelcances.es helbidera idatziz edo www.contraelcancer.es webgunean sartuz egin daiteke.
Biztanleria guztiarentzako zabaldutako deialdia da, ez baita pazientea edo senidea izan beharrik. “Jende askok pentsatzen du gaixotasuna azaltzen denean soilik jo dezaketela guregana, baina alderantziz izan beharko luke. Denei datorkigu ondo bizitza aktibo bat izatea, elikadura ohitura onak izatea, gizarte harremanak sustatzea eta naturarekin harremanetan izatea”, nabarmendu du Sierrak.