Kopako penak kitatu nahi ditu Realak Valentziaren aurka
Kolpe handia jaso zuten ostegunean Realeko mutilek, kopatik kanpo gelditu baitziren, Betisen aurka 0-4 galduta; ordea, azkar altxa beharko dute burua, igandean bertan baitaukate ligako hurrengo neurketa, Valentziaren aurka. Europako postuetan jarraitzeko eta sailkapenean gora egiten saiatzeko partida garrantzitsua da Imanol Alguacilen taldearentzat, gertu baitauka Realak Valentzia: seigarrenak dira txuri-urdinak, eta hamargarrenak valentziarrak. Neskei dagokienez, azken partida galdu egin bazuten ere, ligako bigarren postuan jarraitzen dute, eta talde sendo bat izaten jarraitzen dutela erakutsi nahi dute, igandean Atletico Madrili irabazita.
Eskubaloian, Bera Berak bere etxean jokatuko du larunbatean, bi hilabete baino gehiagoren ondoren. Rocasa Gran Canariaren aurka izango da neurketa. Garrantzitsua da norgehiagoka, Bera Bera lehenengo sailkatua baita, eta kanariarrak bigarrenak dira. Beraz, irabaziz gero, distantzia handituko dute donostiarrek.
Izotz hockeyari dagokionez, larunbat gauean jokatuko dute Txuri Urdineko neskek zein mutilek. Neskek Quimeras Valdemororen etxean jokatuko dute, ligako hirugarrenaren aurka. Donostiarrak, ordea, lehenengoak dira, eta lidergoa gehiago sendotzera joango dira. Mutilei dagokienez, aurkari zuzen baten aurka jokatuko dute, etxean. Seigarrenak dira donostiarrak, eta ligako zazpigarrena izango dute aurkari, Kosner Club Hielo Huarte.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Reala – Atletico Madril (igandea, 6, 11:30ean).
Gizonezkoen lehen maila, 23. jardunaldia
- Valentzia – Reala (igandea, 6, 14:00etan).
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia
- Bera Bera – Rocasa Gran Canaria (larunbata, 5, 18:00etan).
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 19. jardunaldia
- Txuri Urdin – Kosner Club Hielo Huarte (larunbata, 5, 21:00etan).
Emakumezkoen lehen maila, 14. jardunaldia
- Quimeras Valdemoro – Txuri Urdin (larunbata, 5, 21:30ean).