Anoetako edukiera %85era igoko dute astebururako
Lurralde arteko Osasun Kontseiluak ezohiko bilera egin du, eta Espainiako Osasun Ministerioaren eta erkidegoen artean adostu dute aire zabaleko kirol ikuskizunen edukiera %75etik %85era handitzea; hau da, Anoeta %85era bete ahal izango da igandean (33.575 ikusle), Realaren eta Granadaren aurkako neurketan. Kirol areto itxietako ikuskizunen edukiera ere igo egin dute, %50etik %75era. Era berean, pandemiaren gaur egungo joera mantentzen bada, martxoaren 1ean %100era igoko dute aire zabaleko kirol ikuskizunen edukiera; horrela talde txuri-urdinak estadioa bete ahalko luke martxoaren 13an, Alavesen aurkako derbian.
Bestalde, aire zabalean maskara janzteko derrigortasuna bertan behera uzteko erabakia hartu dute, eta maskara derrigorrezkoa izango da soilik ekitaldi jendetsuetan eta metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean. Era berean, jende pilaketak daudenean, maskara erabiltzea “gomendio” baino ez da izango da. Eusko Jaurlaritza abstenitu egin da bozketan, Efe albiste agentziaren arabera, eta gainerako erkidegoek aldeko botoa eman dute. Aire zabalean maskara derrigorrez erabiltzea bertan behera utziko duen dekretua asteazkenean argitaratuko da, eta ostegunean sartuko da indarrean.