Ekialdeko Barrutiaren egoitza nagusia Jolastokietan jarriko dute
Donostiako Udalak Altzako Udalinfo bulegoa eta Ekialdeko Barrutiaren egoitza Jolastokietan jarriko ditu. Gurbain enpresak idatzi du proiektua eta 346.292 eurokoa da aurrekontua. Aldiz, egikaritze epea sei hilabetekoa da.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, egoitzaren lanak aurten hasiko dituzte, eta datorren urte hasierarako prest egongo da. “Jarduera honi esker, Ekialdeko Barrutiak eta Udalinfok bulego berriak izango dituzte Altzako erdigunean, irisgarriagoak, herritarrei zerbitzu hobea emateko”, nabarmendu du Goiak.
Lokalak 250 metro koadroko azalera izango du, eta Harrobieta plazako 17. zenbakiaren beheko solairuan kokatuko dute. Bertsolari Txirrita pasealekuaren ondoan dago aipaturiko plaza. Udalinfo herritarrentzako arreta bulegorako areto bat izango du, hiru posturekin –44,40 metro koadro–, eta Ekialdeko Barrutiko batzordearentzako eremu bat, ondorengo ezaugarriekin: bi bulego –22,60 eta 13,10 metro koadro–, eta bilera eta batzar areto bat –71 metro koadro–, itzulpen gela –3,85 metro koadro– eta instalazio aretoa –13 metro koadro–. Bestalde, bi komun –13,60 metro koadro–, eta langileentzako bulego bat –11,25 metro koadro– izango ditu.
Sarreratik Udalinfoko gunera sartu ahal izango da zuzenean, eta han bulego ordutegitik kanpo erabili ahalko diren bi autotramitazio makina berri jarriko dituzte.