Haur minbiziaren aurkako ipar martxa egingo dute igandean
Otsailaren 15a Haur Minbiziaren Aurkako Eguna da, eta horren harira, Aspanogi elkarteak urtero antolatu ohi duen ipar martxa egingo du Donostian, igandean, hilaren 13an. Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak gogora ekarri du “adinik, sexurik, erlijiorik eta klase sozialik” ez duen gaixotasuna dela minbizia, eta datu esanguratsu bat eman dute: Donostia ospitalean haurren 25-29 minbizi kasu tratatzen dituzte urtero.
Lasterketan edonork parte har dezake, elkartasunezko proba bat baita. Ipar martxa bat denez, bi makilekin egin daiteke sei kilometroko ibilbidea, baina makilak eraman gabe ere egin daiteke. Gehienez 800 pertsonak parte har dezakete. Herrikrosaren webgunean edo lasterketaren egunean eman daiteke izena. Saguesetik abiatuko dira, 11:00etan. Aurretik, 09:00etatik 10:30era dortsalak banatuko dira Saguesen bertan, Aspanogiren karpan. Ibilbidean Porrotx pailazoa eta 501 Legioko soldaduak (Star Warseko fikziozko unibertsoko talde militarra) izango dira, proba girotzeko asmoz.