Munillak azken meza eman du
Jose Ignacio Munillak (Donostia, 1961) bere ibilbidea amaitu du Donostian, atzo, hilaren 6an, eskaini baitzuen azken meza Artzain Onaren katedralean. Munilla hamabi urtez izan Donostiako gotzaina, eta bere agintaldia ez da eztabaidez libre izan, besteak beste, hainbatetan egin dituen adierazpen homofoboen eta matxistengatik. Orain, Orihuela-Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da, Aita Santuak hala aginduta.
Katedrala fededunez bete egin zen atzo, eta kanpoan ere jende ugari zebilen, gotzainaren azken meza entzuteko gogoz. Urte hauetan izan diren aldaketez galdetuta, zera erantzun du Munillak, Eitb-ri egindako adierazpenetan: “Hamabi urte hauetan gure elizan gertatu da gizartean gertatu dena. Belaunaldi batzuk joan zaizkigu, fededun zentroa zirenak, baina elizaren familia ezagutu duten jende berria ere etorri da, neurri txikiago batean izan bada ere. Agian etorkizuneko kristautasuna Gipuzkoan ez da izango gehiengoa, talde txiki batena. Gure erronka ez da gehiengoa izatea izango. Beharbada erronka izango da benetakoak izatea”. Era berean, nabarmendu du ez dakiela nor izango den Donostiako hurrengo gotzaina; “espero dugu gotzain berriak harrera ona izatea”, gaineratu du.
Feministen agurra
Fededunez gain, Donostiako Emakume Askeak plataformako hainbat feminista ere Artzain Onaren katedralera joan ziren, Munillari euren agur propioa emateko. Beltzez jantzita eta ileordeak jantzita, katedralaren parean jarri ziren, askotariko kartelekin. Euren karteletan, besteak beste, bost mandamendu irakur zitezkeen: Bizitza maitatu, zure gorputza gozatu, aniztasuna errespetatu, hartzan eta eman zan, eta ibili dantzan.
Era berean, X gorri bat utzi zuten lurrean, eta “alu intsumituak” goraipatzen zituen pankarta bat ere ireki zuten. Horrez gain, plazaren albo batean, beste bi kidek Kontuz Munilla! Deabrua gure kuadrillakoa da zioen pankarta bat ireki zuten. Emakume taldeak “homofobo! espekulatzaile! faxista! misoginoa! agresorea! atzerakoia!” bezalako oihuak bota zituzten katedralaren parean, baita hitz horiek ixa gorriaren inguruan idatzi, bakoitzeko lurrari ostikoak eman ostean.
Horrez gain, emakumeek Maritxu nora zoaz eta Emakume askeak kantatu zituzten, baina letra desberdinekin: Zer dago ba Donostian? /Munilla kabroia / bueltatuko diogu /sanbenito zaharra; eta «Emakume askeak /sorgin, feministak /merezi duzun bezala /agurtzen zaituzte: /pederasta bortxatzaile /inkisidore hiltzaile /lapur estafadore /ta apaiz torturadore.
Ekintza amaitzeko, kartelak eta X gorria katedralaren atean utzi zituzten emakumeek, baina handik zebilen fededun batek zaborretara bota zituen. Naiz hedabideak ekintza feminista bideo batean jaso du.