Plaka fotovoltaikoak instalatuko dituzte zazpi udal eraikinetan
Donostiako Udalak bihar onartuko du udal eraikin batzuetan plaka fotovoltaikoen zazpi instalazio jartzea. Helburua energia berriztagarriaren bidez autokontsumoa sustatzea eta udalaren faktura elektrikoa murriztea da, atmosferara berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzeko saiakera eginez.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, “aurrera egiten jarraitzen dugu eraginkortasun energetikoko eta ingurumenaren hobekuntzako politiketan, Donostiako Udalaren Klima Aldaketaren estrategiaren esparruan”. Eraikin publikoetan, hala nola, ikastetxeetan eta udal bulegoetan, eguzkiaren bidez energia elektrikoa sortzeko zazpi instalazio jarriko dituzte. Zuhaizti Aldakonea, Amara Berri Salaberria, Aieteko, Igeldoko eta Urgulleko Orixe ikastetxeetan jarriko dituzte, eta horrez gain, Urdanetako eraikinean eta Igarako brigadetan ere instalatuko dituzte.
Instalazio hauen bidez, urtero 247.698 kWh-ko energia-ekoizpena lortzea kalkulatzen da, eta aldi berean, 50.530 kg-ko CO2 isurketa saihestuko da. Gainera, fakturazio elektrikoan urtero, 40.776 euro aurreztuko direla nabarmendu du Garmendiak.
Plaka berri horien bitartez datozen 25 urteetan 1.306.000 euro aurreztuko direla adierazi du, elektrizitatearen prezioa urtean % 2 igoko dela kontuan hartuta. Obrak egiteko 6 hilabeteko epea dago aurreikusita, eta aurrekontua 330.384,07 eurokoa izango da.