Alberto Iglesias donostiarra Oscarretarako hautatu dute 'Madres paralelas' filmeko musikarengatik
Alberto Iglesias konpositore donostiarra Oscarretarako hautatu dute, Pedro Almodovarren Madres Paralelas filmeko soinu bandagatik. Oscar Sarien banaketara joaten den laugarren aldia izango da, aurretik hiru aldiz izan baita hautatua: 2005aen El jardinero fiel filmagatik, 2007an Cometas en el cielo filmagatik eta 2011ean El topo filmagatik.
Sari banaketa martxoaren 27an izango da Los Angelesen (Amerikako Estatu Batuak). Iglesiasek Hans Zimmerrekin (Dune), Germaine Francorekin (Encanto), Nicholas Brittelekin (No mires arriba) eta Jonny Greenwoodekin (El poder del perro) lehiatuko du.
Horrez gain, urtarrilaren 9an egin ziren Urrezko Globoetarako ere hautatua izan zen lan berarengatik. 2020an, berriz, Iglesiasek bere 11. Goya irabazi zuen Pedro Almodovarren Dolor y Gloria filmarentzat egindako musikarengatik.