Bizilagunekin plataformak dio turismoa klima aldaketaren eragile nagusienetako bat dela
Klima aldaketari aurre egiteko helburuarekin, Aldaketaldia egitasmoa abiatu dute aurten ere Euskal Herriko hamarnaka eragilek, eta hainbat ekintza garatzen ari dira, besteak beste, Zaldibarklo hondamendia gogoratzeko eta erantzukizun politikoak eskatzeko manifestazioa. Eragile horien artean dago Donostiako Bizilagunekin plataforma, eta turismoak klima aldaketan duen eragina ikusarazteko kanpaina bat abiatu du hirian.
Hain zuzen ere, “turismoa klima aldaketaren eragile nagusietako bat da” dioten kartelak jarri dituzte Donostiako hainbat tokitan, non hainbat datu ikus daitezkeen. Besteak beste, Bizilagunekinek salatu du “karbono dioxido (CO2) isurien %8 turismoak eragindakoa” dela. “Gure ohituretan eta bizimoduan, garraio azpiegituren inguruko erabakietan, hiri ereduan eta lurralde antolaketan jokatzen dugu etorkizuna. Krisi ekologikoa gurean hasten delako. Hiriko eta lurraldeko bizitza beste oinarri batzuen gainean eraikitzea presazkoa da”, gaineratu dute.