Kaiko amarralekuen eskualdatzea geldirik dago, helegiteak direla eta
Donostiako kaiko amarralekuen auziak irekita jarraitzen du, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakunde publikoa oraindik helegiteak aztertzen ari baita, eta 381 plazen eskualdatzea geldirik dago, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratu duenez.
Urtarrilean argitaratu zuen EKP-k plazen adjudikazioaren zerrenda —385 plazatik 381era pasa zuten orduan—, baina plazarik gabe gelditu diren hainbat erabiltzailek helegiteak aurkeztu dituzte, eta horiek guztiak aztertu arte ez dute eskualdatzea gauzatuko. EKP-k adjudikaziodunei jakinarazi die urtarrileko zerrenda oraindik ez dela behin betikoa, hilabeteko epean helegiteak aurkeztu daitezkeelako; hain zuzen ere, bihar, hilaren 9an, amaituko da epe hori.
EKP-k Donostiako kaiko ontzien amarralekuak hamabost urterako berritzeko prozesua abiatu zuen 2021eko apirilean, Eusko Jaurlaritzak urteak baitzeramatzan ontzientzako tokiak berrikusi gabe. Irailean atera zuten berrantolaketa prozesuaren ebazpena, baina plazarik gabe gelditu ziren zenbait erabiltzailek “iruzurra” salatu zuten, “aurretik tokia zuten ontzien alde” egin zutela, eta “adjudikazio zuzenak” egin zituztela argudiatuta. Horrela, salaketak zirela eta, EKP-k urrian jakinarazi zuen berriz abiatuko zuela prozesua. Horren emaitza da urtarrileko ebazpena, eta orain ikusteke dago adjudikaziodunen zerrenda hori behin betikoa izango den.