Udalak establezimenduen errotulazioa euskaratzeagatik diru laguntzak emango ditu
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko establezimenduen barruko zein kanpoko errotulazioa euskalduntzeagatik diru laguntzak emango ditu. Horretarako, Udaleko Euskara Zerbitzuak 10.000 euro bideratuko ditu 2022an.
Diru laguntzak jasotzeko eskaera orriak eskuragarri daude www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari eta www.donostia.eus webguneetan, eta Euskara Zerbitzuaren egoitzan (Konstituzio plaza, 2). Diru laguntza eskaerak dirua agortu arte onartuko dira.
Euskara Zerbitzuak Donostian euskararen normalizazio prozesua bideratzeko, establezimenduen hizkuntza paisaia euskalduntzea sustatu nahi du. Diru laguntzez gain, Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz izeneko egitasmoa martxan jarri du Euskara Zerbitzuak: helburua “establezimenduek zerbitzu hobea ematea eta bezeroak hizkuntza eskubideak bermatuta izatea” da: “Egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen langileen erdiak edo gehiago euskaldunak izango dira, eta lehen hitza euskaraz egingo dute. Modu horretan, establezimenduaren bezeroen hizkuntza hautua erraztu egingo da, hau da, bezeroek bertan euskaraz lasaitasunez egin dezaketela jakingo dute”, azaldu dute Euskara Zerbitzukoek.
Bestalde, Euskara Zerbitzuak euskara ikastaro laburrak eskaintzen ditu arlo merkataritzako langileentzat, eta doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere eskaintzen du.