1813ko setioari buruzko 'Sutan' filma grabatuko dute asteburuan
Donostiako historiako gertakari gogorrenetako bati buruzko Sutan film laburra grabatuko dute asteburuan Andoainen, 1813ko setioari eta sarraskiari buruzkoa. Proiektuak Zinea hedabidearen I. Film Laburren Gidoi Lehiaketa du abiapuntu, Naia Arantzamendi (Ondarroa, 1994) zuzendari eta gidoilariak bertan aurkeztu baitzuen gidoia, eta lehiaketa irabazi zuen. Filmak Maluta Films ekoiztetxearen babesa du, eta hilaren 11n, 12an eta 13an grabatuko dute, Andoaingo zenbait tokitan.
Protagonista Juana haurra izango da, eta Naroa Miguel aktoreak egingo du. Horrez gain, Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak gerlari rolak egingo dituzte. Bestalde, Arantzamendik Ainara Mendiola zuzendari laguntzailea eta Maialen Sarasua Oliden script eta muntatzailea izango ditu ondoan. Era berean, Maluta Filmseko Ritxi Lizartza izango da ekoizle eragilea, Cris Fraile produkzio burua, argazki taldea Alex Sueriasek, Victor Rodriguezek, Iban Toledok, Javier Sevak eta Ioritz Dominguezek osatuko dute, Lander Llorens izango da soinuaren arduraduna, Telmo Tola figuringilea eta Nerea Berroeta eta Sandra Vicente arituko dira arte zuzendari lanetan.
‘Sutan’-en nondik norakoak
Zinea-k azaldu duenez, “istorio unibertsal bat sortu du autoreak, kontakizun ofizial horretan ezabatuak izan diren ahotsei garrantzia emanez. Izan ere, basakeria horren ondoren, 79 lekukotza jaso ziren hiri harresitu hartan gertatutakoaren berri izateko. Testigantza guztiek bazuten zerbait komunean: emakumeek ordaindu zuten prezio altua. Hala ere, kontakizun horietatik bi baino ez ziren emakumeek emandakoak”. Horren aurrean, Arantzamendik “benetakoa izan zitekeen fikziozko testigantza bat” sortu du, zinemagilearen beraren hitzetan. “Ez dut hitzekin kontatu nahi izan, erakutsi baizik, eta batez ere, sentitu. Protagonistarekin bat egin, eta berak sentitzen duena nik ere sentitu. Bera jarraitu, eta berarekin bidea egin”, gaineratu du ondarroarrak.
Honakoa da filmaren sinopsia: “1813. urteko Espainiako Independentzia Gerraren erdigunean, Donostian. Ingelesen eta frantsesen arteko gatazkan harrapatuta, donostiarrak. Suntsitzen ari diren hiri bateko logela bateraino heltzea lortuko du Juanak (10 urte). Bonbak, tiro hotsak, laguntza eskatzen duten garrasiak, soldaduak… horretatik guztitik ihes egiteko asmoz, bizitzari eusteko ahaleginetan, gordelekua bilakatuko du Juanak logela horren armairuan. Ezjakintasunaren mendeko, bere bizitzaren azken une latzei aurre egin beharko die: bere bila datozen bi soldaduk ezarriko dute muga bizitzaren eta heriotzaren artean…”.
Arantzamendiri buruz
EHU-n Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua ikasi zuen Arantzamendik, eta Madrilera joan zen ondoren, gidoigintzan sakontzera. “Idaztea da ondarroarraren pasioa, eta Zinea-ren I. Film Laburren Gidoi Lehiaketaren berri izan zuenean buruan bueltaka zuen proiektuari heltzea erabaki zuen. Bada, edizioko irabazle hautatu zuen epaimahaiak”, nabarmendu du Zinea-k.