'Asier Niebla auziko' zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak
Espainiako Auzitegi Gorenak Asier Niebla hiltzeagatik ezarritako zigorra berretsi du. Urnietako gaztea 2018an zendu zen Parte Zaharrean izandako eraso baten ondorioz. Errudunari hamabi urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten; giza hilketa leporatu zioten, baita genero astungarria ezarri ere. Ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen genero astungarria, eta zigorra urtebete gutxitu zion erasotzaileari. Hau da, hamaika urte eta sei hilabeteko zigorra du orain. Sententzia hori da Auzitegi Gorenak berretsi duena.
Gertakariak
2018ko abuztuaren 12an, Donostiako Aste Nagusian, Asier Niebla 29 urteko urnietarra emakume batekin hizketan zegoen Perujuantxo kaleko taberna baten kanpoan. Une batean emakumearen bikotekide ohia gerturatu eta ukabilkada bat eman zion Nieblari, eta lurraren aurka hartu zuen kolpea. Zaurien larritasuna zela eta, koman bi hilabete eman zituen gazteak, baina hil egin zen azkenean.