Baratzea terapia gisa erabiliko dute Intxaurrondon
Cristina Enea Fundazioak eta Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak, otsailean, martxoan eta apirilean, tailer didaktiko okupazionalak egingo dituzte Intxaurrondo Kultur Etxeko baratze eta lorategietan, eta elkarteko onuradunek eta publiko orokorrak parte hartuko dute.
Jarduera EtxEKOlanda proiektuaren parte da, Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Kulturak bultzatutakoa. Proiektu horren bidez, baratze baten zaintzari eta tokiko eta sasoiko elikagaien laborantza ekologikoari buruzko oinarrizko ezagutzak eskaintzen zaizkie ikasleei zein publiko orokorrari. Orain, eta Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartearen eta Cristina Enea Fundazioaren arteko lankidetzari esker, elkarteko onuradunek ere parte hartu ahal izango dute parte-hartzaileen ongizatea areagotu nahi duten saio horietan.
Saioak astean behin izango dira. Otsailaren 15ean hasi eta apirilaren 6an bukatuko dira, eta 90 minutuko iraupena izango dute. Horietan, baratzeko zikloei, tokiko produktuei eta oinarrizko baratze zaintza eta teknikei buruzko eduki didaktikoak garatuko dira.
Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko helbide honetan sartu behar da.