Hainbat herritarrek kalean egingo dute lo, etxegabeek bizi duten egoera salatzeko
Herritar talde batek Bulebarrean egingo du lo ostegunean, hilaren 10ean, udalak La Sirena aterpetxea gradu kopuru jakin batetik behera soilik irekitzea erabaki duela salatzeko. Erabakia “gizagabea” dela deritzo herritar talde horrek, eta “gogoetarako” bi galdera helarazi dizkio Donostiako gizarteari: “Bost gradu egiten dituenean kalera irteten al zara lo egitera? Zein baldintza meteorologikotan aukeratuko zenuke kalean lo egitea teilatupean egiteko aukera izanda?”.
Ostegunean 20:30ean elkartuko dira Bulebarrean, han bertan lo egiteko (euria egiten badu, Gipuzkoa plazan egingo dute lo, aldundiko arkupeetan), eta herritarrak egitasmoarekin bat egitera deitu dituzte.