La Sirena aterpetxea irekitzeko protokoloa berrikusteko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiak bat egin du hainbat herritarrek ostegunerako egin duten deialdiarekin, eta, berriz ere, La Sirena aterpetxea irekitzeko protokoloa berrikusteko eskatu du. Hain zuzen ere, La Sirena soilik hotz handia egiten duenean irekitzen dutela salatzeko, hainbat herritarrek Bulebarrean egingo dute lo ostegunean, eta Elkarrekin Donostiak deialdiarekin bat egin du. Era berean, aipatu eskaera udaleko Pertsonentzako Zerbitzu Batzordera eramango du Aitzole Araneta bozeramaileak. Antzeko eskaerak egin zituzten duela bi aste inguru Hiritarron Harrera Sareak, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak berak, baina protokoloa bere horretan mantentzea erabaki zuen udalak; besteak beste, Eneko Goia alkateak esan zuen “antzeko hotza” egiten duela “Astigarragan, Hernanin eta Donostian”.
“Gaur egun, dispositiboa irekitzeko protokoloaren arabera, 0 gradu inguruko tenperaturak izan behar dira, edo izotza aurreikustea eskatzen da, eta, beraz, erabiltzen duten pertsonek etengabe bizi behar dute, gauero kalean lo egingo duten ala ez jakin gabe”, salatu du Elkarrekin Donostiak. Era berean, Aranetak udal gobernuari galdetuko dio “ea bere gain hartuko dituen orain herritarrak beren borondatez zerbitzatzen ari diren kaleko pertsonentzako janari zerbitzuak”.
Horrez gain, “Ondarretako eta Kontxako udal dutxak, lanak direla eta, udara arte itxi behar ote diren” galdetuko du Aranetak. “Horren ondorioz, etxerik gabeko pertsonak garbitzeko espazio horiek gabe geratu dira”, salatu du koalizioak.