Realari itzuli egingo dizkiote kendu zizkioten hiru puntuak
Kirolaren Kudeaketa Auzitegiak (gaztelaniazko TAD siglekin ezagunagoa) arrazoia eman die Realari, Vila-reali eta Levanteri, eta itzuli egingo dizkie iazko azaroan Espainiako Futbol Federazioak kendu zizkien puntuak. Hain zuzen ere, federazioaren ikurra elastikoan ez jartzeagatik zigortu zituzten hiru klubak, Realari eta Levanteri hiru puntu eta Vila-reali sei puntu kenduta. Ordutik, ikurra elastikoan jarrita jokatu dute donostiarrek, baina, protesta gisara, jokalariek ikurra eskuarekin tapatu dute hainbat partidaren aurreko argazkietan.
Momentuz, Vila-realen aldeko ebazpena soilik da ofiziala, Realak eta Levantek baino lehenago aurkeztu zuelako helegitea. Hiru puntuak berreskuratuta, Realak are gehiago sendotuko du ligako bigarren postua, eta indarberrituta jarraituko du denboraldiarekin.