'Smart' kalea programan bildutako merkatariek %35a aurreztu dute faktura energetikoan
Donostiako smart kalea programaren barruan dauden guneetako hogeita hamar bat saltokik %35erainoko aurrezpena lortu dute beren energia fakturetan. Donostiako Sustapenak bultzatzen du programa, energia elektrikoa kontsumitzeko plataforma adimendun batean sartzeko aukera eskaintzen duena.
Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak nabarmendu duenez, proiektuaren helburua “Parte Zaharra, Altza, eta Antso Jakituna eremuetan dauden merkataritza establezimenduen interesa batzea da”. Izan ere, “energia elektrikoa erosteko eskaintzak eskatzen dizkiete enpresa elektrikoei, erabiltzaile bakoitzak energia horren hornikuntzan banaka lor ditzakeenak baino prezio lehiakorragoetan”. Horrez gain, jasangarritasuna sustatu nahi du ekimenak. Enpresa merkaturatzaileari hornitutako energia %100 berriztagarria izatea exijitzen zaio.
Smart kalea programa 2017an jarri zen martxan Parte Zaharreko establezimenduetan. Ondoren, Altzako eta Antso Jakituneko kaleko establezimenduak gehitu ziren. 2021az geroztik, energia eraginkortasun indibidualizatuari buruzko aholkularitza jaso duten Txominen etxebizitzak ere sartu dira.
Garmendiak adierazi duenez, gero eta interes gehiago dago ekimenarekiko. Iaz %22 hazi zen saltokien kopurua eta saltoki gehiago gehitzea espero dute urte honetan.