'The Wildlife Comedy' erakusketako argazkiak enkantean
Animaliak ezohiko keinuak egiten eta egoera barregarrietan ikusi nahi izanez gero, Cristina Enea Fundazioak bere egoitzan –Kristinaenea parkeko Interpretazio Zentroan– duen The Wildlife Comedy erakusketa bisitatu behar da, hainbat argazkilari profesionalek egindako askotariko argazki barregarriak baitaude ikusgai. Bisitariek, gainera, gustukoen duten irudiarengatik dirua eskaini dezakete, argazkia etxera eramateko.
Hain zuzen ere, fundazioak enkantean salgai jarri ditu erakusketako 62 irudietako 41, gehienak tamaina handikoak eta nazioarteko profesionalek egindakoak. “Irudi guztiak kalitate handiko materialetan inprimatu dira, besteak beste egurra, biniloa eta paper fotografikoa”, gaineratu dute fundaziokoek. Enkantean parte hartu nahi izanez gero, bisitariek erakusketan bertan eskuragarri dauden afixetako bat hartu behar dute, eta bertan idatzi zein argazkirengatik eskaini nahi duten dirua, eta zenbat eskaini nahi duten. Erakusketa amaitzean, martxoaren 13an, argazki bakoitzarengatik diru gehien eskaini duenak bere etxera eramango du irudia.
Enkantean biltzen duten diru guztia fundazioak eta bi elkarterentzako izango da: Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartearentzat eta Save the Orangutans elkartearentzat.