Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Domina ematea baztertu dute Batzar Nagusiek
EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan proposatu du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri (Antigua, 1929-2012) Gipuzkoako Urrezko Domina ematea, baina proposamena atzera bota dute gainontzeko alderdi guztiek. Koalizio abertzaleak nabarmendu du Txillardegi “euskararen eta euskal kulturaren eragile eta zutabe handienetako bat” dela, baita Gipuzkoako eta Euskal Herriko herritarren aitortza duela ere. Ordea, salatu du “Gipuzkoako erakunde gorenaren omenaldi ofiziala” falta dela, eta defendatu du aldundiaren Urrezko Dominak “hutsune” hori beteko lukeela. Proposamena bere horretan baztertu badute ere, Batzar Nagusiek EAJren zuzenketa bat onartu dute, Txillardegiren merezimenduak aztertzeko proposamen bat jasoz.
EAJk EH Bilduri leporatu dio “zatiketa” bilatu nahi izan duela proposamenarekin: “EAJk Txillardegiri ez dio ez ezin ikusirik, ez gorrotorik. Ez daukagu hura baztertzeko asmorik, baina EH Bilduk badaki politikoki ez dela adostasunik egongo, eta, hala ere, izena plaza erdian jarri dute”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga bozeramaileak. Oposizioko taldeak ezeztatu egin du zatiketa bilatu izana.
PSE-EEk eta PPk, aldiz, adierazi dute Txillardegi “ETAren sortzaileetako bat izateagatik” baztertu dutela proposamena, eta Elkarrekin Podemos-IUk, euren arabera, proposamenak ez dituelako bakearen eta bizikidetzaren balioak ordezkatzen.
Urtarrilaren 15ean hamar urte bete ziren Txillardegi zendu zenetik, eta azken urteotan egin duten moduan, Donostiako eta Euskal Herriko eragile ugarik duen aitortza falta salatu dute. Era berean, omenaldi hunkigarria egin zioten Gaskonia plazan, urteroko legez.