Elkarrekin Donostiak hondakinen kudeaketa hobetzeko eskatu dio Udal Gobernuari
Elkarrekin Donostiak hirian geroz eta hondakin gehiago sortzen ari dela eta Udal Gobernuak jarrera pasiboa duela salatu du. Hala, alderdiak bide publikoko hondakinen bilketari buruzko datuak nabarmendu ditu, bikoiztu egin baitira 2021eko urtarriletik abendura bitartean.
Haizea Garai zinegotziak datuak “kezkagarriak” direla nabarmendu du. “2021ean hondakinen gaikako bilketaren beherakada nabarmena izan da; 2021eko urtarrilean gaikako bilketa % 44koa bazen, urtean zehar behera egin zuen, abenduan % 41era iritsi arte”. Hori dela eta, “azken urtean izandako atzerakada ikusita, ezinezkoa izango da 2025erako gaikako bilketaren %64ko tasa lortzeko ezarritako helburua betetzea”, adierazi du zinegotziak. Horrez gain, 2021eko datuen arabera, urtean zehar sortutako hondakinen kopuruak gora egin duela salatu dute. Azkenik, bide publikoa garbitzeko udal zerbitzuak bildutako hondakinei dagokionez, “2021eko urtarrilean 99.140 kilo bildu baziren, abenduan 215.000 kilogramo bildu dira”.
Zinegotziaren hitzetan, gaikako bilketaren tasaren jaitsiera, sortutako hondakinen hazkundea eta bide publikoan bildutako hondakinen hazkunde nabarmena ikusita, “Udal Gobernuak premiazko neurriak hartu behar ditu hirian sortutako hondakinak murrizteko”. Taldeak larrialdi klimatikoari aurre egiteko 65 neurri biltzen dituen plan bat egin zuen, eta 2019ko azaroan eman zion Udal Gobernuari: “Hala ere, gobernuan ez dugu ikusten gure proposamenak entzuteko borondaterik ere”.
Larrialdi klimatikoaren adierazpenean onartutako neurrien jarraipena egiteko mahai politiko bat martxan jartzea “premiazkoa” dela esan du zinegotziak. Gainera, duela bi urte, Udal Gobernuak mahai politiko hori planteatu zuela gogorarazi du, orain arte deitu ez dela nabarmenduz: “Ezin dute dena inora ez garamatzaten adierazpen hutsetara mugatu, neurri eraginkorrak behar dira, planetako bizitzaren iraunkortasuna jokoan dugulako”.