Gipuzkoako zahar etxeetako langileek protesta egin dute Batzar Nagusietan
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek Batzar Nagusietan protesta egin dute, Maite Peñaren agerraldian. Izan ere, Maite Peña diputatuak, gaur goizean, agerraldia egin du zahar etxeetako sektoreko akordioei eta etorkizuneko aurreikuspenei buruz hitz egiteko. ELAk ohar bidez adierazi duenez, diputatuaren jokaera “etsigarria” da: “Aldundiak ez du hobekuntzarako konpromisorik hartu”.
ELA eta LABeko hainbat kide Batzar Nagusietara sartu dira, eta hainbat minutuz diputatuaren agerraldia gelditu dute, desalojatu dituzten arte. Kanpoaldean ere, protestan ari ziren beste hainbat kide Maite Peña, bilera noizko? lelodun kartelekin. Sindikatuek egoera “jasanezina” dela salatu dute: “Langileak fisikoki eta emozionalki akituta daude”. ELAren hitzetan “Aldundiak ez du ezer egiten egoera hobetzeko”. Hori dela eta, Aldundiaren “arduragabekeria” salatzeko langileek bihar elkarretaratzeak egingo dituzte lantokietan. Horrez gain, otsailaren 16an, 257. greba eguna izango dute Gipuzkoako zahar etxeetan.