'Itsas haizea dabil' ipuina argitaratu dute Junkal Lertxundi eta Asier 'Gaston' Iturralde donostiarrek
Junkal Lertxundi eta Asier Gaston Iturralde donostiarrek Itsas haizea dabil ipuina argitaratu dute, Ikaselkar argitaletxearen Kimu bildumaren barruan. Lertxundik idatzi du ipuina, eta Iturraldek egin ditu ilustrazioak. Berriki aurkeztu dute Donostian, Patxi Zubizarretaren eta Maite Gurrutxagaren Tik, Bakarrik. Tak, Ikarak ipuinarekin batera, hori ere Kimu bildumakoa.
Irakurtzen hasi diren 6 urtetik gorako haurrentzako dira ipuinak, eta “irakurketa prozesua ahalik eta gozagarrien eta aberatsen” izatea dute helburu, Idoia Arozena editorearen hitzetan. Lertxundik aurkezpenean azaldu zuenez, gaztelaniazko como pez en el agua esapidea izan zen ipuinaren abiapuntua: “Kontrakotik abiatu naiz. Familiaren egunerokoan zerbait ez dator bat, eta leku horren bila eraman ditugu”. Iturraldek gaineratu zuen erronka handia izan zela berarentzat ipuina ilustratzea: “Proposamena oso pozik hartu nuen, baina familia hibridoa irudikatzea erronka handia zela ikusi nuen. Ez nekien nondik hartu”.
Jarraian, Lertxundik eta Iturraldek aurkezpenean grabatutako bideoa, ipuinaren nondik norakoak azalduz:
Lertxundik 2016an egin zuen debuta idazle gisa, bere anaia Xabierren idatzietan oinarritutako Mustafa-Megobari. Kaukaso-Kurdistan bizikletaz liburuarekin. Ondoren, 2019an, Itsas Kulunka album ilustratua argitaratu zuen, Ainhoa Aranburu ilustratzailearekin batera.