"Nire idoloa Jakoba Errekondo da"
Ziur zure inguruan badagoela landareez pertsonak edo maskotak izango balira bezala hitz egiten duena, beti aura mistiko batekin hitz egiten duena, eta dioenez, “pertsona askok baino hobeto” ulertzen diote. Bada, horrelako pertsonaia bat islatu dute oraingoan Atzean Zuloakoek: Landarezalea. Bere “idoloa” Jakoba Errekondo dela dio, eta bere azken liburua Biblia izango balitz bezala irakurtzen ageri da. Landareak pertsona izenez deitzen ditu, eta bere lagunak izango balira bezala hitz egiten die, baita musika jarri ere; baina ez edozein musika, bakoitzari berea: “Limoiondoari Izaro eta kalamuari Chill Mafia”. Era berean, esaten du zuhaitz bat besarkatuz gero, “lurrarekin konektatzen” zarela.
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta berezitasun gisa, denboraldia osatuko duten hamar bideoetatik bat ikusleen esku utzi dute. Hau da sareetan bota zuten galdera: “Zein pertsona mota irudikatu beharko genuke datorren denboraldi honetan?”. Proposamen guztien artean, Mikel Marrazki erabiltzaileak irabazi du, “parrandan beti besteek liatzen dutelako atertzen dena, baina beti azkena erretiratzen dena”.
Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten. Bosgarren denboraldiko bi bideo argitaratu dituzte dagoeneko denboraldia: Kriptoanaia eta Konkistatzailea.