Udaberriko Laborategietan izena emateko epea ireki dute
Kontadoresek gazteei zuzendutako hamaika laborategi programatu ditu martxoaren 1etik aurrera. Guztira 124 plaza eskainiko dira eta ekainera bitartean egingo dira. Gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak oinarri hartuta egin dute proposamena, eta aurten, batez ere gorputzaren, adierazpen eszenikoen eta ilustrazioaren inguruko proposamenak izango dira.
Proposamenen artean, elkarlanean egindakoak ere badaude. Foru Aldundiaren Treba Gazteak programarekin batera, doako bi laborategi egongo dira: Design Thinking eta Sexualitatetik harremanak irauliz. Dantzerti Arte Dramatiko eta Dantza goi mailako eskolarekin batera, bi ikastaro laborategi intentsibo egingo dituzte bi larunbat ezberdinetan: Mugimendua eta dantza Izaskun Lapaza dantzari irakaslearekin eta Storytelling, Istorioak kontatzearen artea Aitzol Villahoz aktorearekin.
Gainerako proposamenak Kontadoresen webgunean daude ikusgai eta egutegiak, ordutegiak eta prezioak kontsultatu daitezke bertan. 18-30 urte bitartekoentzat zuzendutako programa da, eta lehentasuna izango dute Donostian erroldatuta dauden gazteak. Hala ere, leku libreak egonez gero, 18 urtetik beherakoek eta 30 urtetik gorakoek ere parte hartu ahalko dute. Izen ematea ere webgunearen bitartez egin daiteke.