437 positibo Donostian, larrialdi egoera amaitu den asteburuan
Ostegunetik igandera, otsailaren 10ik 13ra, 437 kasu positibo atzeman dituzte Donostian. Ostegunean 160, ostiralean 117, larunbatean 70 eta igandean 90. Intzidentzia metatua 1.548,87koa da orain, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera. Joan den ostegunean 2.182,67koa zen hiriko intzidentzia metatua. Nabarmen ari da jaisten positibo kopurua eta intzidentzia metatua bai Donostian eta baita Euskal Herrian ere.
Gaurtik aurrera larrialdi egoera bertan behera geratuko da EAEn, eta pandemiari aurre egiteko neurri gehienak bertan behera geratuko dira.
Pandemiaren kontrola aro berri batean sartu da gauerditik aurrera. 00:00etan bertan behera geratu da osasun-larrialdi egoera Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horrekin batera, desagertu egin dira murrizketa gehienak. Barrualdeetan maskara erabiltzea eta kirol ekitaldietan edukiera mugatzea bakarrik dira bete beharreko neurriak.
Hala ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko aginduaren arabera, birusaren transmisioa altua den udalerriek —100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen dutenek— distantzia eta segurtasun neurriak zorroztu beharko dituzte ekitaldiak antolatzeko garaian, eta prebentzio neurriak ezin direla bete ikusiz gero, jarduerak bertan behera uzteko edo atzeratzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzak.
Ostalaritzak nabarituko du alderik handiena: gaurtik aurrera ez dago edukiera mugarik, barran zutik ere kontsumitu ahal da, gehienez 10 lagun elkartzeko muga desagertu da eta ez dute 01:00etarako itxi beharko.
Ekitaldi sozialak, kulturalak eta merkataritza arlokoak ere ez dira 01:00etan amaitu beharko.
Jakina denez, kalean maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa ostegunetik, ezta eskoletako jolastokietan ere, eta hainbat tokitara sartzeko beharrezkoa zen covid ziurtagiria ere bertan behera geratu zen otsailaren hasieran.