Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahaian parte hartzeko epea ireki dute
Giza Eskubideen 19. Zinemaldia apirilaren 1etik 8ra bitartean izango da, Viktoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste agertoki batzuetan. Nillofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra zinemaldiko karteleko protagonista da.
Nilofar Bayat neskatila bat zen talibanen miliziak jaurtitako obus bat bere etxera sartu zenean, eta anaia bat hil eta hura larriki zauritu zuenean. Geroztik, mugitzeko arazo larriak ditu. Zuzenbide ikasketak egin zituen eta Nazioarteko Gurutze Gorrian aritu zen lanean GKE honek Kabulen duen errehabilitazio-zentroan. Bertan, kirol-jarduera bultzatu zuen dibertsitate funtzionala duten emakumeen kolektiboaren barruan, eta horrela eratu zen gerora gurpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionala.
Taldeko kapitaina zela, nazioarteko lehiaketa askotan parte hartu zuen, eta partidu ziklo berri bat prestatzen ari zirenean, erori egin zen Afganistango Gobernua, Estatu Batuek koordinatutako koalizio militar batek babestua. Hala, bere bizitza arriskuan zegoela sinetsita, lagun zituen kazetari batzuen bitartez SOS dei bat zabaltzea erabaki zuen, eta erantzuna izan zuen Espainiako Gobernutik; honek pase bat eman zion Kabuldik ebakuatzeko.
Espainian, Bidaideak, dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteak, eskua luzatu zion bere bizitza berrantolatzen has zedin. Saskibaloian jokatzen du bere taldean, Bidaideak Bilbao BSRn, eta beste emakume batzuekin Free Women for Afghanistan eratu du, bere herrialdean desgaitasuna duten emakume taldeekin lankidetza proiektuak garatzeko eta, batez ere, talibanen gobernuak emakume horiek eraman nahi dituen egoera salatzeko.
Gazte epaimahaia
Aurtengo lehiaketako gazte epaimahaian parte hartzeko izen ematea martxoan 8ra arte izango da zabalik. Parte hartzaileak 18 eta 30 urte artekoak izango dira, eta guztira, 90 gazte hautatuko dituzte. Nazioarteko lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango du epaimahaiak.
Parte hartzeko webgunean izena eman behar da. Epea irekita dago martxoaren 8ra bitarte, eta martxoaren 9an izena eman duten guztien artean zozketa egingo da. Zerrenda zinemaldiko webgunean jarriko dute.
Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute martxoaren 31an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 19:30etako saioen %80ra joan beharko dira.
Haur eta gazteei zuzendutako hiru film
Aurten, giza eskubideen inguruko hausnartzeko sustatzeko, ikastetxeei Zutik!, Tximinoen izarra eta Maixabel pelikulak eskainiko zaizkie. Zutik! eta Tximinoen izarra dira Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldian ikastetxeei online ikusteko eskainiko zaizkien filmak. Eta ikastetxeek online bidez apirilaren 4tik 8ra proiektatu ahalko dituzte. Maixabel filma aldiz, Viktoria Eugenian proiektatuko da.
Eskaintza doakoa da eta ikastetxeek webgunearen bidez eman dezakete izena martxoaren 26 arte.