'Sutan' film laburraren grabaketa bukatu dute
Asteburu honetan grabatu dute Sutan filma Andoainen, 1813ko Donostiako setioari eta sarraskiari buruzkoa. Proiektuak Zinea hedabidearen I. Film Laburren Gidoi Lehiaketa du abiapuntu, Naia Arantzamendi (Ondarroa, 1994) zuzendari eta gidoilariak bertan aurkeztu baitzuen gidoia, eta lehiaketa irabazi zuen. Filmak Maluta Films ekoiztetxearen babesa du.
Protagonista Juana haurra izango da, eta Naroa Miguel aktoreak egingo du. Horrez gain, Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak gerlari rolak egingo dituzte. Bestalde, Arantzamendik Ainara Mendiola zuzendari laguntzailea eta Maialen Sarasua Oliden script eta muntatzailea izango ditu ondoan. Era berean, Maluta Filmseko Ritxi Lizartza izango da ekoizle eragilea, Cris Fraile produkzio burua, argazki taldea Alex Sueriasek, Victor Rodriguezek, Iban Toledok, Javier Sevak eta Ioritz Dominguezek osatuko dute, Lander Llorens izango da soinuaren arduraduna, Telmo Tola figuringilea eta Nerea Berroeta eta Sandra Vicente arituko dira arte zuzendari lanetan.
‘Sutan’-en nondik norakoak
Zinea-k azaldu duenez, “istorio unibertsal bat sortu du autoreak, kontakizun ofizial horretan ezabatuak izan diren ahotsei garrantzia emanez. Izan ere, basakeria horren ondoren, 79 lekukotza jaso ziren hiri harresitu hartan gertatutakoaren berri izateko. Testigantza guztiek bazuten zerbait komunean: emakumeek ordaindu zuten prezio altua. Hala ere, kontakizun horietatik bi baino ez ziren emakumeek emandakoak”. Horren aurrean, Arantzamendik “benetakoa izan zitekeen fikziozko testigantza bat” sortu du, zinemagilearen beraren hitzetan. “Ez dut hitzekin kontatu nahi izan, erakutsi baizik, eta batez ere, sentitu. Protagonistarekin bat egin, eta berak sentitzen duena nik ere sentitu. Bera jarraitu, eta berarekin bidea egin”, gaineratu du ondarroarrak.