Udalak Pio Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko du, baina ez dio Urrezko Domina emango
Donostiako Udalak Pio Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko du, baina ez dio Urrezko Domina emango PPk asteleheneko Pertsonentzako Zerbitzu Batzordean eskatu zuen moduan. Izan ere, Urrezko Dominaren araudiak ez du hil ondoren sariak ematea kontenplatzen.
Jon Insausti EAJko bozeramaileak gogorarazi zuen araua, eta Barojaren figuran sakontzeko “prestutasun osoa” dutela nabarmendu zuen, omentzeko beste modu batzuk daudela adieraziz. Horrez gain, Duñike Agirrezabalaga zinegotzi sozialistak, EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek eta Elkarrekin Donostiako bozeramaile Aitzole Aranetak ere bestelako ekitaldiak egin daitezkeela esan zuten. PPren eskaerak babesik lortu ez zuen arren, pozik agertu zen alderdia, Barojari saria emateko aukera aztertzeko bidea ireki delako.
Gaur egun, Pio Barojaren busto bat dago Okendo plazan. 1936an inauguratu zuten San Telmo Museoko patioan, eta ondoren, lekuz aldatu zuten.