Goiak dio oraindik ez dutela Aldamar kaleko eraikinari buruzko erabakirik hartu
Parte Zaharreko Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikinaren egoerari buruz galdetuta, Eneko Goia alkateak, azaroan egin zuen moduan, adierazi du Hirigintza sailak ez duela erabakirik hartu oraindik: “Hirigintza sailean dago eraikin horren inguruko lizentzia bat, eta lizentzia hori aztertzen ari dira. Eraikin horrek daukan babes maila ez da oso altua, bere momentuan onartu zen EHOBPB [gaztelaniazko siglekin ezagunagoa: PEPPUC] delako horretan ez delako jasotzen. Baina, nik dakidala, oraindik ez dago erabakirik hartuta”.
Ancorak azarotik darama “eraikin historikoa” botatzekoak direla salatzen, bertan eraikin altuago bat eraikitzeko. Azaldu dutenez, Viviendas Lanin SL enpresak hormigoizko eraikin bat egin nahi du hor, gaur egungoak baino hiru solairu gehiago eta lur azpian hamabi aparkaleku plaza izango dituena. Eraikina “arriskuan” dagoela dio Ancorak, eta, horregatik, sinadura bilketa bat abiatu zuen joan den astean, eraikina babestu dezatela eskatzeko. 700 sinaduratik gora bildu dituzte dagoeneko.
XIX. mendeko eraikina
Ancorak azaldu du lursaila Domingo Ezeizak, Ramon Mujikak, Antonio Zubillagak eta Francisco Etxeberriak erosi zutela 1888an, itsasoari berriki irabazitako eremua zenean. Horregatik, hain justu, nabarmendu dute Aldamar kaleko eraikin zaharrenetariko bat dela, eraiki zutenean Zurriolako harresiaren ondoan baitzegoen; harresia geroago bota zuten.