Kaldereroek eta inude eta artzainek kaleak girotuko dituzte asteburuan
Datorren asteburuan, kaldereroak eta inude eta artzainak hiriko kaleak girotzera itzuliko dira. Otsailaren 18an eta 19an, kaldereroen konpartsen txanda izango da, eta 20an, inude eta artzainena.
Zurriolako Ikastolako Konpartsa izango da lehena, ostiralean 15:00etan abiatuko baita euren egoitzatik, Indianoenetik. Larunbatean, berriz, Txomingo Kaldereroen konpartsa 18:00etan Aintzieta pasealekutik hasiko da. Eta Parte Zaharrean, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak ohiko ordutegia aurreratu du, eta 18:45etik abiatuko da Zuloaga plazatik.
Konpartsa Tradizionaleko ordezkari moduan, Aitzpea Leizaola, Jon Elzo eta Amaia Garin izan dira gaur udaletxean egin duten prentsaurrekoan. Jon Insausti Festa jardueretako zinegotziarekin batera aurkeztu dute kaldereroen eta inude eta artzainen egitaraua. Parte Zaharreko kaleetatik barrena arituko dira, eta 20:00ak inguruan Konstituzio Plazara helduko dira. Bertan kanpamentua jarriko dute, eta Musika eskolako bandak joko du haiekin. Aurten, ordea, Kresala Dantza Taldeak ez du ohiko ikuskizuna egingo. 19 tributako 300 pertsonak parte hartzea espero da, antolatzaileek kalkuluak egitea zaila dela nabarmendu dute. Aurten, Gehitu-ren tribua ez da aterako, baina Real Club de Tenis batuko da lehen aldiz. Hala, Aizarte, Akelarre, Antiguotarra, Ardatza, Arrano, Artesana, Artikutza, Bare-bare, Esperanza, Euskal Billera, Gaztelubide, R.C Tenis, Herria, Kasilda, Kresala, Suharri, Ur, Urgulll eta Zarautztarra tribuetako kideek osatuko dute konpartsa.
50 urte
Ardatza tribuko kide eta zuzendari Aitzpea Leizaolak azaldu duenez, aurtengo kaldereroak “bereziak” izango dira: “Batetik, bizi dugun pandemia egoeran pozgarria delako horrelako ospakizunak berreskuratzeko aukera izatea, eta bestetik, aurten 50 urte bete direlako festaren antolakuntza udalaren babespean egiten dela”. Euskal Herrian kaldereroak “aspaldiko tradizioa” direla gogorarazi du: “Donostian XIX. mende amaiera geroztik ospatzen dira”. Lehen kaldereroen konpartsa 1884ean atera zen, eta garai horretan hainbat elkarteren esku zegoela adierazi du. Besteak beste, Union Artesana, Gaztelupe eta Gaztelubide elkarteak izan ziren inauterietako konpartsak antolatzeaz arduratu zirenak. Gerora, festa beste auzo batzuetara zabaldu zen. 1972n, berriz, udalak antolaketaren ardura hartu zuen, herri elkarte eta herritar talde baten laguntzarekin kaldereroen jaia berpizten laguntzeko asmoz.
“Kaldereroen Konpartsa Tradizionala gizon-emakumeok osatzen dugu, eta gehiengoa emakumezkoak gara, parte hartzaileen %55 inguru baikara”, adierazi du Leizaolak. Horrez gain, belaunaldi ezberdinetako kidez osatutako konpartsa bat dela nabarmendu du: “Guretzat garrantzitsua da transmisio kate hori mantendu egin dela ikustea, eta festa egiteko gogo hori ez dela apaltzen adinekoak direnen artean. Oso donostiarra den festa bat sentitzen dugu, eta aurten, gogo biziz gatoz”.
“Bizi dugun egoera eta urteurrena kontuan hartuz, festaren esanahiari eustea” garrantzitsua iruditu zaiela dio Leizaolak: “Inauteriak neguko festak dira, eta neguko festak komunitatea indartzeko eta trinkotzeko festak dira”. “Hori aintzat hartuta, oraingoan, erregina eta damak Kaldereroen tribu buruen artean aukeratu ditugu, eta horiek izango dira gure ordezkaritza beteko dutenak”. Leizaola bera izango da aurtengo erregina eta Gaztelubide elkarteko Ander Garmendia eta Union Artesanako Juanjo Perez izango dira damak. Komunitateari begira, “neguko festek herria egin eta herria trinkotzeko” duten izaera nabarmendu nahi dute, eta “zartaginak jotzeko irrikan” daude. Hala ere, Kresala Dantza Taldeko kideak faltan botako dituztela nabarmendu dute: “Datorren urtean gurekin egotea espero dugu. Horrez gain, antolakuntza bere osotasunean berreskuratzea eta kanpamendua ohi bezala egin ahal izatea espero dugu”.
Inude eta artzainak
Inude eta artzainen kasuan, 44 urte igaro dira konpartsa berreskuratu zenetik. 1885ean atera ziren lehen aldiz, kaldereroak baino urtebete beranduago. Denborak aurrera egin ahala kaldereroek aurrera egin zuten, baina inude eta artzainak eten egin ziren hainbat urtez. Berreskuratzeko saiakerak izan ziren gerora, baina Kresala Elkarteak berrartu zuen arte, ez zen guztiz berreskuratu. Geroztik, urtero atera dira Parte Zaharreko kaleetatik barrena kaldereroen osteko igandean.
Pasa den urtean, ez zen inude eta artzainen desfilerik izan, eta aurten ere, kosta egin zaie erabakia hartzea. Kresalako kide Joxe Muruak adierazi duenez, parte hartzaileen artean kontsulta egin zuten eta kalera irteteko “oso gogotsu” azaldu zirela ikusi zuten: “Neurriekin bazen ere, zerbait egin behar zela argi ikusi zen”. Osasun egoeraren hobetzea dela eta, azkenean, Konstituzio plazako ikuskizuna egiteko aukera ere izango dute igandean, hilaren 20an.
Guztira, 180 parte hartzaile izatea espero dute. Dantzarien artean 30 bikote izango dira eta horrez gain, danborradan 60 kidek hartuko dute parte. Bestelako pertsonaiak ere izango dira bertan, eta betiko ibilbidea egingo dute. Euskal Herria kaletik abiatuko da 12:00etan.
Hilaren 26an, ordea, Antiguako inude eta artzainak aterako dira kalera. Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak 10 urte daramatza inauteritako larunbatean auzoko kaleetatik desfilea egiten. 11:30ean abiatuko dira Antiguako Merkatu zaharretik eta auzoko kaleetan barrera ibili ostean, Antiguako frontoian amaituko dute.