Karpa bana jarriko dute Aitor Ikastolan eta Zuhaiztin
Donostiako Udalak karpa bana jarriko du Aitor Ikastolako Konkorrenea kaleko zentroan eta Zuhaizti ikastetxean, euria egiten duenean ere haurrek kanpoko jolastokia erabili ahal izan dezaten. Guztira, 144.421 euroko lizitazio aurrekontua du proiektuak, eta entregatzeko epea lau astekoa da. Aitor Ikastolan 20×20 metroko karpa bat jarriko dute, 54.719 euro inbertituta; Zuhaiztikoa, aldiz, 23×30 metrokoa izango da, eta 89.701 euro inbertituko dituzte.
“Bizi dugun egoeraren ondorioz jartzen dira karpak, haurrak aire librean egon ahal izateko, euria egiten duenean ere”, azaldu du Eneko Goia alkateak, eta nabarmendu du bi karpa hauek azken hilabeteotan beste ikastetxe batzuetan jarritakoei “gehitzen” zaizkiela.