Prim kaleko eraikinaren hirigintza espedientea gelditu du udalak
Pasa den astean, Prim kaleko 10. zenbakiko eraikinean luxuzko etxebizitzak egiteko proiektua bideratu zuen Donostiako Udalak. Zehazki, xehetasunen azterlanari argi berdea eman zion udalak. Dena dela, espedientea gelditzea erabaki du Hirigintza sailak bizilagunekin bilera egin arte. Martxoko osoko bilkuran azterlanari behin betiko onarpena ematea aurreikusten dute.
Ancora elkarteak egun batzuk lehenago ohartarazi zuen Prim kaleko 10. zenbakiko ataria “suntsitzen” ari zirela. Bilbo plazako lau eraikin makurretako batekoa da ataria, eta Eusko Jaurlaritzak enkantean saldu zion 2017an Boyton Invest S.L. enpresari, 10,3 milioi euroren truk. “Udalak barrualdearen eraisketa onartu du, luxuzko hamazazpi apartamentu egiteko. Orain, bi altuerako altxamenduaren emakida izapidetzen ari da; Donostiako gune erromantikoaren eskala aldatuko luke horrek, atzera bueltarik gabe”, salatu du elkarteak.
Babesa eta irisgarritasuna
Atzoko udal batzordeetan Bilbo plazako atariari buruz aritu ziren udal taldeak. Elkarrekin Donostiak eta PPk atariarekin gertatzen ari dena salatzeko interpelazio bana aurkeztu zuten. Izan ere, eraikinak eta atariak B kategoriako babes maila dute Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) barruan. Era berean, eraikinaren afixak dio ezin direla eraldatu dituen elementuak. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak erantzun zien planak salbuespenak egiten dituela irisgarritasun arrazoiengatik. Horregatik, atariko beirateak kendu dituzte ataria bera birgaitzeko, eta irisgarri bihurtzeko. Lanak bukatzean beirateak berriz ere jarriko dituztela gaineratu zuen.