Terrazekin "zuhurtziaz eta presarik gabe" jokatu behar dela dio Goiak
Hiriko zenbait gunetan ostalaritza establezimenduek espazio publikoan –aparkalekuetan eta plazetan, esaterako– jarri dituzten behin-behineko terrazek hor jarraituko dute, momentuz. Izan ere, gaiari buruz galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du ez dutela eperik zehaztu terrazak kentzeko, eta “tentuz” jokatzearen alde agertu da: “Tentuz jokatzea dagokigula uste dut. Momentu honetan aztergai dugu terrazen gaia, baina uste dugu zuhurtziaz eta presarik gabe jokatu behar dugula. Egungo joera baieztatu arte, margen pixka bat eman behar diogu geure buruari. Baieztatzen baldin bada egoerak hobera egiten duela eta normaltzat dugun egoeran sartzen garela, orduan bai, itzuliko gara indarrean dagoen ordenantzak dioena betetzera”.
Udalak 2020ko azaroan ezarri zituen ostalaritza establezimenduen terrazen araudia malgutzen dituzten neurriak, pandemia ostalaritza establezimenduetan eragiten ari zen kalteak arintzeko. Horrela, gaur egun, establezimendu ugarik espazio publikoan dituzte jarrita euren terrazak, behin-behinean. Iazko urrian, egoera epidemiologikoa hobera egiten ari zela ikusita, udalak iragarri zuen 2022ko urtarrilaren 31rako kendu egin beharko zituztela behin-behineko terrazak, indarrean dagoen araudia betetzera itzuliz. Urte hasieran, ordea, egoera epidemiologikoak berriz ere okerrera egin zuela ikusita, terrazen neurriak luzatzea erabaki zuen udalak, eta, momentuz, zeuden tokian jarraitzen dute.