Zaraten eta bibrazioen udal ordenantza behin betiko onartu dute
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onartu du zaraten eta bibrazioen udal ordenantza, Goiaren hitzetan, “tramitazio luze baten ondoren”. Hain zuzen ere, udalak 2020ko irailean ireki zuen ordenantza berrirako ekarpenak egiteko epea, eta “onartu diren alegazio guztiak sartu ondoren”, behin betiko onarpena eman diote arauari. Orain arte indarrean zegoen ordenantza 2000. urtekoa zen.
Ordenantzaren helburua da ingurumenaren kalitatea babesteko eta hobetzeko beharrezkoak diren mugak eta zehaztapen teknikoak ezartzea, kanpoko zein barruko giroan sortutako zaratek eta bibrazioek eragindako kutsadura akustikoaren aurrean. Horretarako, jardueren isolamendu akustikoek izan behar dituzten ezaugarri espezifikoak arautuko dira, bai eta horien ondorioz transmititutako soinuaren eta makineriaren eta instalazioen funtzionamenduaren ezaugarriak ere.