Zortzi zentrotan eskainiko dute adinekoentzako Goizaldiak zerbitzua
Adineko pertsona zaurgarrientzako Goizaldiak zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, eta bikoiztu egin dute zerbitzua eskainiko duten zentro kopurua. Hain zuzen ere, 2020an Egiatarra elkarteak (Egia), Guardaplata elkartean (Bidebieta), Casa Nao elkartean (Altza) eta Hondarpe auzo elkarteak Nafarroa Beherea plazan duen lokalean (Gros) eskaini zuten zerbitzua; orain, lau horiez gain, Jatorra elkartean (Erdialdea), Antiguako Gizarte Zerbitzuen egoitzaren ondoko lokalean, Gure Egunsentia elkartean (Amara) eta Intxaurralde elkartean (Intxaurrondo) ere eskainiko dute zerbitzua. Kontratazio espedienteak 154.730 euroko aurrekontua du, eta gauzatzeko epea bi urtekoa da.
Adineko pertsona zaurgarriak euren “ohiko ingurunean bizitzen eta gizarteratzen laguntzea du helburu” egitasmoak, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. Adinekoek banakako, taldeko eta komunitateko jardueretan parte hartzen dute, euren osasun fisikoa eta kognitiboa mantentzeko eta gizarte harremanak hobetzeko. “Ikuspegi komunitarioa du, eta zerbitzu unitateak auzoetan zehar hedatzeko ikuspegia du; horrela, baliabidea erabiltzaile izan daitezkeen pertsonen etxeetatik hurbil egotea errazten du”, gaineratu du alkateak.
+55 programaren kudeaketa
Gizarte Zerbitzuen ataleko beste proiektu bat ere onartu du udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak: 55 urtetik gorakoentzako +55 programa kudeatzeko kontratazio espedientearena. Urteko lizitazio aurrekontua 223.550 eurokoa da, eta gauzatzeko epea bi urtekoa.
55 urtetik gorako herritarren “partaidetza soziala sustatzeko” udal programa da, “batez ere aisialdian eta denbora librean oinarritutakoa”, eta “zahartze aktiboa” sustatzea du helburu, Goiaren hitzetan. 2020an, programaren 498 saio egin zituzten, eta 5.619 parte hartzaile izan zituzten.