Dibisio Urdinaren objektuak daude Loiolako kuarteletako historia aretoan
Loiolako kuarteletako erakusketa historikoan Dibisio Urdinari eskainitako atal bat dago, Espainiako Defentsa Ministerioaren oniritziarekin. Noticias de Gipuzkoa hedabideak iazko azaroan eman zuen erakusketaren berri, eta, orduan, EAJren senatari Estefania Beltran de Herediak gaiari buruz galdetu zion Felix Bolañosi, Memoria Demokratikoko Espainiako ministroari; Dibisio Urdinaren sinbologia Loiolako kuarteletatik kentzeko eskatu zion, Memoria Historikoaren Legea beteta. Orain, EH Bilduren diputatu Jon Iñarrituk Margarita Robles Defentsa ministroari galdetu dio gaiaren inguruan, eta ministroak ezeztatu du Loiolan Dibisio Urdinari buruzko “erakusketa iraunkor bat” dagoenik.
Roblesek Iñarrituri azaldu dionez, Loiolako kuarteletan 67. Tercio Viejo de Sicilia infanteria-erregimenduaren historia (hori da Loiolan dagoen erregimendua) biltzen duen historia areto bat dago, eta areto hori “erosketekin, donazioekin eta gordailuekin elikatzen dute, eta informazioa une oro eguneratzen dute, ikerketa historikoek aurrera egin ahala”. Areto horretan, Roblesen arabera, Bigarren Mundu Gerrak Espainiako armadan eta, ondorioz, Loiolako kuarteletako erregimenduan izan zuen eragina islatzen duen atal bat dago, non “soldadu espainiarrek gatazkan egindako jarduerak” erakusten diren. Ildo horretatik, maila berean jarri ditu faxismoaren eta nazismoaren aurka borrokatzeko Frantziako Estatuko muga pasa zutenak eta Dibisio Urdinekoak: “Erakusten diren jarduera horien artean daude faxismoaren aurka borrokatzeko muga frantsesa pasa eta armada aliatuetara batu ziren milaka errepublikano espainiarrenak, bai eta Espainiako Boluntarioen Dibisioarenak [Dibisio Urdina] ere”. Bestalde, ministroak nabarmendu du Loiolako kuarteletan legea betetzen dela.
Iñarrituk, Público hedabideari egindako adierazpenetan, salatu du Roblesek “ebidentzia ezeztatzen” duela eta Loiolako kuarteletan dagoen Dibisio Urdinari buruzko erakusketa “historizismoan kamuflatzen” duela. Sare Antifaxistak ere erakusketa salatu du: “Nazismo genozida eta terroristaren apologia eta goraipatzea Loiolako kuarteletan”.
Gogoratu behar da Dibisio Urdina 1941etik 1943ra funtzionamenduan izan zen Espainiako armadaren atal bat izan zela, eta Francisco Francoren diktadorearen aginduz Sobietar Batasunera joan zela, armada naziarekin batera borrokatzeko. Espainia teorian Bigarren Mundu Gerran neutrala bazen ere, Espainiako armadako soldaduek naziekin batera borrokatu zuten.